Azaldu bezala, lehen azterketa kuantitatibo honen helburua egoeraren testuingurua eta udal gizarte zerbitzuen azken urteetako bilakaera hobeto ulertzeko zenbait datu eskaintzea da, eta, bereziki, Euskal Autonomia Erkidegoko oinarrizko gizarte zerbitzuei buruzko Arartekoaren azken ezohiko txostenetik. Atera behar diren lehen ondorioak bost multzo handitan sailka daitezke:
- Informazio gabezia handiak. Lehenengo ondorioa eskuragarri dagoen informazioan gabezia handiak egoteari lotuta dago. Egia da Euskal Autonomia Erkidegoko Gizarte Zerbitzuen Inkestak zerbitzu hauei buruzko informazio interesgarri handia ematen duela, estatistika horren ustiapenean azken urteetan txertatutako hobekuntzak aintzat hartuta; hala ere, inkestaren denbora desfasea oraindik ere izugarria da eta inkestan lehen eta bigarren mailako arretako zerbitzuen artean bereiztea oraindik oso zaila da, baita udal erantzukizuneko zerbitzuen multzoa argi identifikatzea ere. Udal gizarte zerbitzuen gaineko informazio arazo nagusiak ez dira eratorri, edozein kasutan, inkesta horren ezaugarrietatik; aitzitik, antolakuntza marko komun bat ez izatearen ondorio dira, Gizarte Zerbitzuen Euskal Sistemaren Informazio Sistemak izandako garapen eskasari eta oinarrizko gizarte zerbitzuen jardunari buruzko erregistro eta adierazle homogeneoak batzen dituena.
-Langile kopurua murriztea eta oinarrizko gizarte zerbitzuen arreta ratioek okerrera egitea. 2013an udal gizarte zerbitzuen esparruan 6.452 langile zeuden lanaldi osoarekin kontratatuta, hau da, Gizarte Zerbitzuen Euskal Sisteman lan egiten duten lanaldi osoko langileen ia %29. Hiru zerbitzuk hartzen dute langile guztien %90: EELZ (LOBAL langileen %40), pertsona nagusientzako egoitza zentroak (%30) eta oinarrizko gizarte zerbitzuak (%11 baino apur bat gehiago). Batez beste, oinarrizko gizarte zerbitzuetako gizarte laneko profesional bakoitzak 5.185 pertsonako populazioa artatzen du. Bilakaeraren ikuspuntutik, murrizketa nahiko garrantzitsua da 2009tik EELZn eta oinarrizko gizarte zerbitzuen kontratatutako pertsonen kopuruan (udal gizarte zerbitzuen mendeko langile guztien ia erdia hartzen dute). Euskal Autonomia Erkidego osoan, 2013an zerbitzu horien enpleguak 2009an erregistratutakoaren %82 hartzen zuen. Beste alde batetik, oinarrizko gizarte zerbitzuko langileen murrizketaren ondorioz, zerbitzu horietako arreta ratioak handitu egin dira, eta areagotzea bereziki nabarmena izan ez bada ere, agerikoa da 90eko hamarkada amaieratik hiru lurraldeetan izandako hobekuntza ildoa eten egin dela.
- Lurraldeen arteko desberdintasun handiek irauten dute. Euskal udal gizarte zerbitzuen ezaugarria nagusia lurraldeen arteko desberdintasunek osatzen dute. Euskal Autonomia Erkidegoko hiru lurralde historikoetako bakoitzak udal gizarte zerbitzuen eredu desberdin bat dauka, eta udalerri edo eskualde bakoitzak ere eredu desberdina garatu duela pentsa daiteke; hala, erakunde komunek ezin izan dute orain arte oinarrizko eredu komuna ezarri. Egia da, azken urteetan lurralde mailan zenbait alderdi bateratu egin direla (batez ere Araban langileen edo zenbait zerbitzura bideratutako gastuaren murrizketa handien ondorioz), baina, hala ere, aztertutako esparru guztietan daude lurraldeen arteko desberdintasunak: egoitza plazen eskaintzaren estaldura eta egitura, oinarrizko gizarte zerbitzuen arreta ratioak, EELZ eta GLLren estaldura, udal gastu publikoa, udal gizarte zerbitzuen finantzaketa ereduak… adibide zehatzetako batzuk aipatzearren. Udal egoitza plazen estaldura ia lau aldiz handiagoa da Gipuzkoan (10.000 biztanleko 38,8) Bizkaian (11,2) baino.
•Udal egoitza plazen estaldura ia lau aldiz handiagoa da Gipuzkoan (10.000 biztanleko 38,8) Bizkaian (11,2) baino.
•Gipuzkoan pertsona nagusientzako egoitza plazen %33 udal titulartasunekoak dira, eta Bizkaian, berriz, %9.
•Araban EEL zerbitzuak 94 erabiltzaile ditu 10.000 biztanleko, eta, Gipuzkoan, ostera, 69.
•Gipuzkoako udal gizarte zerbitzuek 38 langileko lantaldea dute 10.000 biztanleko, eta kopuru horrek gizarte zerbitzuen langile guztien %40 hartzen du; Bizkaian, ostera, kopurua 22 langilekoa da 10.000 biztanleko (%22).
•Gipuzkoan, LOBAL gisako oinarrizko gizarte zerbitzuen langile bakoitzeko biztanleen kopurua 2.500 ingurukoa da, eta Bizkaian, ostera, 3.300koa.
•Arabako udalek 674 euro bideratzen dituzte biztanle bakoitzeko udal gizarte zerbitzuak finantzatzeko (gizarte zerbitzuetako gastu publiko osoaren %15), eta Bizkaian, ostera, 540 euro (guztiaren %9,5).
•Gipuzkoan gizarte zerbitzuetako udal gastuaren %35 oinarrizko gizarte zerbitzuetara bideratzen da, eta Araban, berriz, %14. Gipuzkoako udalerriek 20 euro bideratzen dituzte zerbitzu honetara urteko eta biztanleko, eta Bizkaian, ostera, 11 euro.
•Arabako udalerriek 29 euro bideratzen dituzte biztanleko eta urteko pertsona nagusientzako egoitza zentroetara; Bizkaian, ostera, 9,2. Aldi berean, Bizkaiko udalerriek 22 euro gastatzen dituzte biztanleko eta urteko EELZn, eta Araban, berriz, 5,8.
•Gipuzkoako udalerriek oinarrizko gizarte zerbitzuei lotutako gastuaren %93 finantzatzen dute, eta Araban, berriz %70. Horrez gain, Arabako udalerriek EELZren gastu publiko osoaren %10 finantzatzen dute, Bizkaian %60.
- Eskualdeen arteko desoreka garrantzitsuak zentro jakin batzuen estaldura eta dentsitateari dagokionez. Jasotako datuen arabera, Euskal Autonomia Erkidego barruko hamaika eskualdetik zazpik ez dute pertsona nagusientzako tutoretzapeko apartamenturik, eta bostek ez dute gizarteratze premiei erantzuteko harrera zentrorik. Hala ere, eskualde guztiek dauzkate pertsona nagusientzako etxebizitza komunitarioak; zentroen dentsitatea 10.000 biztanleko 0,15 zentroen (Ezkerraldea) eta 1,47 zentroen (Bilbo) artekoa da, hau da, zentro kopurua bertan bizi den populazioaren arabera. Bilbo, Donostialdea eta Debagoiena ere nabarmendu behar dira, gaueko harrera zentroei dagokienez erregistratutako dentsitate handia dute-eta. Zentro kopurua eta dentsitatea alde batera utzita (ez da tamaina aintzat hartzen), beharrezkoa da, halaber, zentro horiek lurralde bakoitzean duten estaldura aztertzea, hau da, eskualde bakoitzean existitzen den plaza kopurua 1.000 biztanleko. Apartamentuei dagokienez, Donostialdea eta Gasteizko estaldura handiak nabarmentzen dira, baita bost eskualdetan (Bilbo barne) mota horretako plazarik ez egotea ere. Etxebizitza komunitarioei dagokienez, Bilboko estaldura nabarmendu behar da (1,98 plaza 1.000 biztanleko); Donostialdean, esaterako, zifra hori 0,41 da. Azkenik, gaueko harrera zentroei dagokienez, Bilbo dago Euskal Autonomia Erkidegoaren goialdean, eta 1.000 biztanleko 0,60 plaza ditu; batez besteko datua 0,24 da.
- Udalen gastuaren geldialdia; gizarte zerbitzuen gastu publiko osoaren zati bat baino ez dute finantzatzen. Euskal udalek 151 milioi euro inguru bideratu zituzten 2013an gizarte zerbitzuen zorroa osatzen duten udal erantzukizuneko zerbitzuak finantzatzeko; horrek zerbitzu horiei eustera bideratutako gastu publikoaren %12 inguru hartzen du. Nabarmendu beharreko lehenengo elementua, horrenbestez, Gizarte Zerbitzuei buruzko Legeak onartutako programa eta prestazioen finantzaketan eragile gisa udal erakundeek gaur egun (legea onartu eta zortzi urtera) daukaten garrantzia eskasa da. Bilakaeraren ikuspuntutik, egindako azterlanaren ondorio nagusietako bat azken urteetan gizarte gaien udal gastu publikoaren etenari dagokio. Hain zuzen ere, gizarte zerbitzuen udal gastua 2009. eta 2013. urteen artean biztanleko 95 eurotik 86ra jaitsi da, uneko eurotan. Epe luzeagora begira, gizarte zerbitzuetan azken hamar urteetan udal gastuak izandako bilakaera ez dator bat foru eta erkidego mailako gastuak izandako bilakaerarekin: Aldi honetan guztian zehar, gizarte zerbitzuen gastuaren batez besteko urte arteko igoera Eusko Jaurlaritzaren kasuan %10,7 izan da, aldundien kasuan %5,5 eta udalen kasuan %1,9 .
Ildo beretik, garrantzitsua da azpimarratzea, bidenabar, gizarte zerbitzuei eusteko udalek egindako esfortzu ekonomikoa ez dela aldatu 2002. urtetik, eta udal gastu arruntaren %8 inguruan egon da. Ikuspegia berbera lortzen da udalek gizarte zerbitzuetan gastatutakoaren eta udal gastu osoaren urtez urteko gorakada aztertuz gero. Bi adierazleek bilakaera paraleloa izan dute serie osoan zehar. Horrenbestez, ezin da esan urte horietan udalek gizarte zerbitzuak lehenetsi dituztenik gainerako jardute eremu eta eskumenekin konparatuta. Aitzitik, gizarte zerbitzuetan izandako gastua aldatu egin da (gorantz edo beherantz) udal jarduneko gainerako eremuetara bideratutako gastua aldatu den neurri berean; hala, gizarte zerbitzuei erantzuteko beharrizanen gorakadak edo lege araudi berriak ez du eragin nabarmenik izan udal baliabide ekonomikoak esleitzerako orduan, beste erakunde batzuen kasuan ez bezala. Hori guztia argi islatzen da udalek gizarte zerbitzuetan egiten duten gastuak mailaka galdu duen pisu erlatiboan, gizarte zerbitzuetan egiten den gastu publikoarekin alderatuz gero. 2013. urteko gorakada salbu, udalek finantzatzen dituzten gizarte zerbitzuen gastu publikoaren proportzioak behera egin du etengabe 2002tik hiru lurraldeetan; 2002an %19koa zen eta 2013an %11,6.
-Berezkoak ez diren gastuen finantzaketa. Azterlanari esker egiazta daiteke, halaber, 2013an Gizarte Zerbitzuei buruzko Legeak ezarritakoari egokitu ez diren zenbait zerbitzuren finantzaketa ereduek berdin dirautela. Horren haritik nabarmendu behar da udalek pertsona nagusientzako egoitza zentroen gastuaren %5,5 finantzatzen dutela, eta soilik EELZren gastuaren %40. Gogoratu behar da, halaber, gizarte zerbitzuen gastuaren %20 Zerbitzu eta prestazioen katalogoan ez dauden zentro, programa edo prestazioei dagokiela, Gizarte Zerbitzuei buruzko Legean ezarritakoaren haritik.